Ostirala, 2017ko apirilak 28a.
GABRIEL
DEL RIO. MAISU HANDIA ETA EUSKADIKO TXAPELDUNA
«Joko maila handienak ez ditu beti emaitzarik onenak
ziurtatzen»
Pozik dago Del Rio Euskadiko Txapelketa irabazi duelako; ez, ordea,
jokoarekin. Etorkizunari begira, 2600 elo mugara ailegatu nahi du. Horretarako,
psikologikoki gogorrago prestatzeko asmoa dauka.
Argentinan jaio zen, eta 12 urterekin Madrilera joan zen
familiarekin Gabriel del Rio. 2010etik Sestaon (Bizkaia) ari da jokatzen. Lehen
urtean Euskal Liga irabazi zuen. Hurrengo zazpi denboraldietan beste bost
eskuratu ditu, taldeka; aurten, lehen aldiz, Euskadiko banakakoa irabazi du.
Zein azterketa egiten duzu torneoan erakutsi duzun joko mailaren inguruan?
Pozik nago emaitzarekin, baina ez jokoarekin. Hutsegite asko egin nituen
partidetan eta posizio txar batzuetan. Prietoren edo Trigoren kontra, adibidez,
berdintzea lortu zuen. Nekatuta iritsi nintzen Kanarietan jokatutako torneotik.
Han askoz hobeto jokatu nuen, baina emaitza eskasagoa izan zen. Joko maila
handiak ez ditu beti emaitzarik onenak ziurtatzen.
Mikel Huerga zure aurkari nagusiak lehen txandan galtzeak lasaitasun apur
bat emango zizun, ziur aski. Hori izan al zen zuk irabazteko gakoa?
Gakoa izan zen; bukaeran puntukako berdinketa egonez gero [hala gertatu zen],
berdinketa hausteko sistemak niri titulua ematen zidan. Baina beste aurkari
batzuk izan nituen torneoan, batez ere, Sergio Trigo. Egunero emaitza onak
lortu zituen, eta presio egin zidan. Bestalde, Huergaren kontrako azken-aurreko
partidan jokaldi gutxitan egin nuen berdinketa, eta barkamena eskatu nuen sari
banaketa ekitaldian. Izan ere, borrokarik gabeko berdinketa ez da polita
zaleentzat. Baina, egoera ikusita, eta pieza zuriekin egonda, pentsatu nuen
hobe zela berdinketa ziurtatzea eta azken txandan garaipenaren bila joatea.
2009an irabazi zuen azken aldiz Maisu Handi batek torneo hau, Mario Gomezek.
Aurten, tituludun gutxiago zeuden, eta jokalari garrantzitsu batzuen falta
igarri zen. Torneoaren maila apur bat beherantz joan dela dirudi. Zergatik izan
daiteke?
Tituludunen artean Groseko jokalariak [Argandoña, Franco, Gonzalez de la Torre
eta Etxegarai] ez dira aritu. Maila ertaineko jokalariak falta izana ez dut
ulertzen. Oso torneo polita eta interesgarria da. Jokatzea gehien gustatzen
zaidan torneoa da.
Duela hamarkada batzuetatik, jokalari berak daude lehen postuetan Euskal
Herriko xakean. Maisu Handi berririk ez dago. Zergatik?
Hori ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Hori Espainian eta Europako beste
herrialde batzuetan ere gertatzen da. Nik sentsazioa daukat hemen xakeko Maisu
Handia izatea ez dela garrantzitsua. Hori ikusita, logikoa da gazteek beste
gauza batzuetan jartzea indarrak, batez ere ikasketetan. Xakea ez dela ogibide
serio bat transmititzen da, nolabait. Xakeaz bizitzea ezinezkotzat jotzen da,
eta hori ez da egia. Lehen, jende gehiago saiatzen zen xakean profesionalki
aritzen. Beste edozein lanbidetan bezala, gogor egin behar da lan hortaz bizi
ahal izateko. Euskadiko Txapelketan jokalari oso gazteak aritu dira. Uste dut
gazteena Ortin izan dela, 15 urterekin, eta 18 dituzte Buizak eta Ortegak. Duten
adinerako oso torneo ona egin dute. Ahaleginduz gero, aukera asko dute gora
egiteko.
Uste duzu alor horretan Euskadiko Federazioa lan ona egiten ari dela? Eusko
Jaurlaritzaren Kirol Legea oztopo bat dela iruditzen zaizu?
Nik uste dut gaztetxoekin lan ona egiten dela, eremu batzuetan behintzat. Eusko
Jaurlaritzaren legea ez da erabakigarria. 11 urtetik behera garrantzitsuena
xakearekin ondo pasatzea da, eta horretarako ez da ezinbestekoa federatu gisa
lehiatzea.
Nola ikusi zenuen Carlsen-Karjakin norgehiagoka? Luzerako ikusten al duzu
Carlsen Munduko Txapeldun?
Titulua erabakitzeko modua ez zait gustatzen, partida bizkorrak erabakigarriak
izan ahal dira eta. Baina, orokorrean, nik ez dut uste Carlsen lehengo jokalari
batzuk baino hobea denik. Agian, psikologikoki indartsuagoa da, eta
lehiakorragoa. Carlsenek irabazi dituen posizio batzuk ezin dira azaldu
teknikarekin edo jakintzarekin, baizik eta psikologikoki indartsua eta izaeraz
lehiakorra izatearekin.
Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Torneo batzuetan parte hartuko dut udan. Garrantzitsuena Espainiako Txapelketa
izango da. Taldekakoa eta banakakoa jokatuko ditut. Baina epe ertainera 2600
elo muga gainditzea gustatuko litzaidake. Orokorrean apur bat desengainatuta
nago emaitzekin. Psikologikoa hobeto prestatzen hasi beharko nuke 2600era heldu
nahi badut. Bestalde, nik uste dut goitik beste titulu bat sortu beharko
litzatekeela; adibidez, Super Maisu Handia edo horrelako zerbait. Nire ustez,
ez da serioa Carlsen eta ni, adibidez, teorikoki kategoria berean egotea.
Horrek aldatu egin behar du.
http://www.berria.eus/paperekoa/1827/026/001/2017-04-28/joko_maila_handienak_ez_ditu_beti_emaitzarik_onenak_ziurtatzen.htm